Feminismoek erakutsi digute errealitate bat izendatzeak errealitate hori ikusgarri egitea ahalbidetzen digula. Horri esker, egoera salatu edota horri aurre egiteko behar diren tresnak garatu ditzakegu. Indarkeria, desberdintasunen sistema osatzen duen alderdi gisa, ikusezin mantentzen da gaur egun ere, eta, aldi berean, alderdi pertsonalei gehiegizko garrantzia ematen zaie horiek gauzatzen direnean, sistema sozialek duten erantzukizuna kontuan hartu gabe. Hori dela eta, indarkeria horiek identifikatzen eta izendatzen jakitea behar-beharrezkoa ikusten dugu, ondoren nola esku-hartu behar den jakiteko.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren indarkeria matxistaren definizioari helduz, indarkeria matxista determinismo biologikoaren emaitza gisa ulertzen dugu, zeinetan sexua eta generoa “errealitate naturalizatu” moduan ulertzen den, eta ez eraikuntza soziala balitz bezala: “gorputzen ezaugarri biologiko jakin batzuetan oinarrituta gauzatzen den botere-harremanen jardun hori, XIX. mendeaz geroztik, “normala” edo “anormala” dena izendatu, kategorizatu eta hierarkizatzen duten eztabaida zientifikoen bitartez finkatu da”.
Gorputzen kontzeptualizazio historiko eta kultural horretan gizona eta emakumea eraikuntza sozialak dira. Beste guztiak, hots, gorputz arrarotzat hartzen direnak (intersex errealitateak, pertsona ez bitarrak, pertsona arrazializatuak…), ezin dira binomio horren barruan sartu, eta ikusezin bilakatu dira. Gorputzak, jaio baino lehenagotik, etiketatuak izaten dira arau genital batean oinarrituta. Gizartearen aukeraketa arbitrario hori dikotomikoa eta hierarkikoa besterik ez da. Alde batetik, aurkakoak diren identitateetan oinarrituta ulertzen delako (maskulinoa eta femeninoa), eta, bestetik, osagarritasun-irudi faltsua sortzen duelako (maitasun erromantikoa, heterosexualitatea). Hierarkia horrek, gainera, maskulino izendatzen dena femenino izendatzen dena baino hobetzat hartzen du. Ondorioz, bi subjektu hierarkizatu mota sortzen dira: gizon-maskulino-heterosexual-zakilduna eta emakume-femenino-heterosexual-aluduna.
Eskema horri aurre egiten dioten gorputz guztiek indarkeria matxista paira dezakete. Hortaz, indarkeria matxistaren barruan lgbtifobiak, arrazakeria, kapazitismoa, klasismoa, gordofobia, besteak beste. Gainera, indarkeria sexista eta genero indarkeria ere aurki ditzakegu. Indarkeria sexista emakume hutsa izateagatik emakumeei bideratutako indarkeriak dira. Genero indarkeria, aldiz, bikote harreman (edo bikotekide ohiarekin) eta harreman sentimental baten barruan sortzen den indarkeria sexista litzateke.
Beraz, gure programa aplikatuen helburu orokorra indarkeria matxista identifikatzen eta izendatzen jakitea, eta horri aurre egiteko baliabideak eskaintzea da. Programek ikuspuntu feminista, intersekzionala eta transbertsala dute, eta etengabe eraldatzen, berritzen eta egokitzen ditugu, uneoro pertsonen ongizatea programa hauen erdigunean ipiniz.
Ikastetxe, gazteleku, guraso elkarte edo edozein erakundetatik horrelako programaren bat jasotzeko interesa baldin baduzu, konpromezurik gabe, hemendik jar zaitezke harremanetan! Pozik erantzungo dizugu!
