OME-ek (Osasunaren Mundu Erakundeak) honela definitzen du sexu-osasuna: “ongizate fisiko, emozional, mental eta sozialeko egoera, sexualitatearekin lotuta dagoena, eta ez soilik eritasunarekin, disfuntzioarekin edota ezinegonarekin”. Era beran, erakundeak aldarrikatzen du beharrezkoa dela “sexualitatera eta sexu-harremanetara modu baikorrean eta errespetuz hurbiltzea, eta, orobat, sexu-plazera eta presioa, diskriminazio eta indarkeriarik gabeko sexu-esperientzia seguruak izatea”.
Horregatik, gure helburua pertsonen sexu-osasuna eta ongizate fisiko, psikologiko zein soziala bermatzea da.
Horretarako, garapen psikologian, teoria psikosozialetan eta teoria feministetan oinarritzen gara sexu-heziketa programak diseinatzeko, betiere ikuspuntu intersekzionala kontuan hartuta. Hortaz,

1.
Garapen psikologiaren ikuspegiak garapen psikosexualaren fase bakoitzeko ezaugarriak ezagutarazten dizkigu programaren diseinua eta edukiak gure hartzaileei egokitzeko. Gizakiaren sexualitateak bizitzan zehar aldaketak jasaten ditu, eta etapa bakoitzean behar eta nahi batzuk izan ohi ditugu. Beraz, esku-hartzeek kontuan hartu behar dituzte bai programa jaso behar duten pertsonen ezaugarriak, baita horien komunitatearenak ere. Hartzaileen ezagutzak, esperientziak, igurikapenak eta motibazioak aztertuta, jasotzen duten informazioa eta sexu-heziketa horien beharrei eta eskariei egokitu behar dira. Era berean, testuinguru sozialek espezifikotasun batzuk aurkezten dituzte. Horregatik, programak komunitatearen errealitate konkretuetara ere moldatu behar dira.

2.
Teoria psikosozialek hitz egiten digute arriskuen hautemateaz eta balorazioaz, bakoitzak bere buruarekiko dauzkan sinesmenaz edota jarreraz, emozioez, harreman intimoen eraginaz eta abarrez. Izaki sozialak garenez, gure testuinguru sozialak eta besteekin ditugun elkarrekintzak kontuan eduki behar ditugu gure sexu-osasunerako.

3.
Teoria feminista hainbat feminismoen alderdi teoriko eta filosofikoetara eramaterakoan lortu izan dena da. Jakintzagai askotatik landutako gaiak barne hartzen ditu, emakumeen (eta gorputz feminizatuen) rol eta bizitzei eta politika feministei buruz alegia. Emakumeen zein gorputz disidenteen eta gizonen arteko harremanak aztertzen ditu, bai eta gure gorputzarekin ditugunak ere.
Horren harira, hezkidetza, baterako hezkuntza edota koedukazioa mahai gainean jartzen du aldarrikatzeko pertsonak bere banakotasun eta berezitasunaren arabera hezitzeko aukera izan behar dutela, hots, hezkuntzak sexu-genero sistematik at egin behar duela erreibindikatzen du horrek.
Horiek horrela, zalantzan jartzen dira irizpide matxistak, lgbtifobikoak, arrazistak edota kapazitistak, besteak beste. Izan ere, horiek jarraiki egozten dizkigute rol, balio eta jarrera zehatz batzuk gizon eta emakumeei zein gorputz disidenteei. Gakoa da edozeinentzako baliagarria izango den pertsona eredu bultzatzea, estereotipo tradizionalak eta zaharkituak alde batera utziz.
Gainera, azken urteotan indarra hartu duten pedagogia feministetatik eta queer pedagogietatik ere hainbat elementu bereganatu ditugu programa horiei eransteko.
Laburpen gisa, etengabeko eraldaketan dauden programa horiek ikuspegi integral, intersekzional eta feminista dute, uneoro pertsonen ongizatea programa hauen erdigunean ipiniz.
Ikastetxe, gazteleku, guraso elkarte edo edozein erakundetatik horrelako programaren bat jasotzeko interesa baldin baduzu, konpromezurik gabe, hemendik jar zaitezke harremanetan! Pozik erantzungo dizugu!
